XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mendi garaiak eta haran sakonak lurrazaleko zimurtasun soilak dira.

Geodesia

Lurra esferikoa dela duela 2.500 urte baino gehiago jakin zen. Kolonen garaikideek enigma bat zen Lurraren bukaerari buruz ezjakintasun handia eta sineskeria ugari zituzten. Dena den, garai hartako pertsona jantzienek Lurra esferikoa zela sinesten zuten.

Aitzitik, tamainari buruzko iritziak desberdinak ziren erabat.

Magallanesen espedizioak Lurraren bira osoa burutu zuen arte, ez zen gure planetaren tamainari buruzko gutxi gora-beherako ideiarik izan.

Harrezkero (1522), Lurraren tamaina eta forma kalkulatzeko neurketa desberdinak egin eta, neurketa-teknikak garatu ahala, emaitzak zehatzagoak izan ziren.

XVII. mendean, planeta pixka bat zapalduta dagoela eta esfera bat izan ordez diametro polarra ekuatoriala baino txikiagoa duen elipsoide batera hurbiltzen dela ikusi zen.

Normala den bezala, elipsoidea forma idealizatu bat da, mendiek, haranek, ozeanoetako hondoek eta gainerako desnibelek azal zimurtsu bat sortzen baitute, hots, elipsoide ideal batekin bat ez datorren azal irregular bat.

Itsas azala ere ez da eliptikoa erabat, hondo ozeanikoaren harrien dentsitate-desberdintasunen arabera uhindurak agertzen baititu.

Harrien banaketaren irregulartasunak eta, ondorioz, dentsitatearenak, lurrazaleko puntu guztietan grabitate-indarra berdina ez izatea eragiten du.

Oliobide baten trazatuaren azterketa, sateliteen nabigazio- eta komunikazio-bideen iragarpena, koheteen ibilbidea, etab. zehaztu ahal izateko, Lurraren tamaina, forma, masa eta lurrazaleko puntu guztietan grabitatearen balioa xehetasun handiz ezagutzea beharrezkoa da. Horiek aztertzeaz Geodesia arduratzen da.

Geodesia Lurraren dimentsioak eta forma aztertzen dituen Geologiaren adarra da.

Haranak eta mendiskak bezalako ezaugarriek lurrazalari topografia deitzen diogun forma ematen diote.

Halaber, lursail baten azala xeheki deskribatzen eta delineatzen duen zientziak izen bera hartzen du.

Ur gainetik dauden lurren topografia lurrazaleko puntu bakoitzaren itsas mailarekiko altuera neurtuz finkatzen da.

Kartografia topografikoa sestra-kurben bidez egiten da batik bat, eta horiek, itsas mailatik gora altuera berdina duten puntuak lotuz zehazten dira.

Herrialde gehienetan ezaugarri topografiko guztien neurketa zehatzak burutu dira; horretarako, tresneria oso zehatza erabiliz, puntu desberdinen altuera xehetasun handiz adierazten duten sare geodesikoak ezarri dira.

Zehaztasun handiko sare geodesiko horiei lehen mailakoak esaten zaie eta aldizka berraztertzen dira, lurra etengabe altxatzen, lautzen eta lekualdatzen ari delako.